Category Archives: Hitzak Euskaraz

Galtzen Ikasteko Metodoa: Hitzak

GALTZEN IKASTEKO METODOA (Pello Lizarralde)

Ziklista bat mendian gora,

Gregarioa bakar-bakarrik,

Ahoa lehor, bizkarra konkor,

Begiratu diot, begiratu dit,

Botilatxoa nahi nuen nik,

Haren izerdi tantak iritsi zaizkit.

Galtzen, nola ikasten da galtzen,

Hasieratik galtzen, betiko galtzen,

Azkena izaten?

Ziklistak urrun du helmuga,

Aspaldi dago etsia hartuta,

Belarriak gor, odola bor-bor,

Begiratu diot, begiratu dit,

Opariren bat nahi nuen nik,

Haren hats ondarrak iritsi zaizkit,

Galtzen (…)

Begiratu diot, begiratu dit,

Botilatxo hutsa bazterrera bota dit.

Galtzen (…)

IRUÑEA MOTOR CITY

Duela berrogeita hamar urte

hirian lantegi anitz jarri zuten,

horien artean Landabengo Authi-Morris;

eta orduan hasi zen bilakatzen

Iruñea autoen hiria.

Iruñea Motor City

Petrolio krisiaren ondorioz

Authi-Morris Seat taldeak erosi;

Seat-ez gero Volkswagen jabetu,

eta horrela jarraitu du izaten

Iruñeak autoen hiria.

Iruñea Motor City

Ekoitzi dituzten auto guztiak

arruntak dira, gehienak txikiak:

Mini, Zientoveinticuatro eta Polo.

Ez al dugu merezi goi mailako Perolo?

Egungo automobilgintzan

deskokatze joera dela eta,

Detroit hiriko gainberaren antzera,

etorkizunean utziko al dio izateari

Iruñeak autoen hiria?

Iruñea Motor City

HAUR DENBORAKO EGUNAK

Haur denborako egunak, egun gogoangarriak,

Batzuk distiratsuak, besteak ilunak.

Aiton-amonen barreak, lagun arteko haserreak,

Fruitu onduen usainak… gogoan biziak.

Oroimena eta oroimina ez dira berdinak

Iraganeko uretan itoko ote gara?

Haur denborako egunak, egun gogoangarriak,

Batzuk distiratsuak, besteak ilunak.

Eskolan ordu luzeak, elizan are luzeagoak,

Kaletan jolasten emanak motzak bai eta onenak.

Lehen-lehenengo amodioa, ixilean gordea,

Maiterre bihurtu gabe laster ahantzia.

Oroimena eta oroimina (…)

Haur denborako egunak, egun gogoangarriak,

Batzuk distiratsuak, besteak ilunak.

Aiton-amonen barreak, lagun arteko haserreak,

Fruitu onduen usainak… gogoan biziak.

ZANBALAN

Hilerrirako bidean bizi naiz,

haize guztiek astintzen duten

bipolarren auzo berrian.

Bide ondoko parkean

hazitako arrosa eta liliak

ezezagunek ebakitzen dituzte.

Ni txoko batean izkutatzen naiz,

bertan ematen ditut orduak

adar batetik eskegitako

Zanbalan: goitik behera, zanbalan: beheitik gora,

Zanbalan: aurretik atzera, zanbalan: atzetik aurrera.

Hiriko mutur batean dagoen

lurperatzaileen tabernan

musika onena entzun dezaket.

Dantzari eta txistuka ibiltzen naiz

nire txoko ezkutuaren bila.

Nirekin etorriko al zara?

Elkarrekin emanen ditugu

nahi adina ordu eta egun

adar batetik eskegitako

Zanbalan: goitik behera, zanbalan: beheitik gora,

Zanbalan: aurretik atzera, zanbalan: atzetik aurrera.

HIRU ANAIAK

Ez nauzu ezagutzen.

Ez nauzu ezagutzen, ez naiz zure laguna,

nirekin oker zaude, ez naiz zuk diozuna.

Egunero lanean fina dena,

igandero meza entzuten duena,

musean beti irabazlea

ez naiz ni, hori da nire anaia zaharrena.

Ez nauzu ezagutzen, ez naiz zure laguna,

nirekin oker zaude, ez naiz zuk diozuna.

Parrandetan aditua dena,

ligatzen ere paregabea,

droga guztiak probatu dituena

ez naiz ni, hori da nire anaia gazteena.

Hodeietan lasai bizi dena,

itxurak gordetzen ongi dakiena,

iritzi propiorik ez duena

ez naiz ni, hori da nire anaia bikia.

Ez nauzu ezagutzen.

NETZAHUALKOIOTLEN HITZAK

Netzahualkoiotlek zioen: Ba al dugu errorik lurrean?

Lurrean ez betirako, hemen aldi baterako.

Jadezkoa izanda ere, hausten da,

Urrezkoa bada ere, apurtzen,

Ketzalen lumadia ere urratzen.

Negarretan eta mozkor, barneko ahotsak dio:

Ni inoiz ez banintz hilko, inoiz ez desagertuko…

Heriotzarik ez dagoen tokira,

Heriotza menpean den lekura

Joan ahal izango banintz!

(Ni inoiz ez banintz hilko, inoiz ez desagertuko…

Lurrean ez betirako, hemen aldi baterako.)

Lorerik ez da amaituko, kanturik ez isilduko:

Gora ditut nik jaurtitzen eta goian barreiatzen.

Lore guztiak zimelduta ere,

Urrezko lumen hegaztiaren etxera

Izango dira eramanak.

(Lorerik ez da amaituko, kanturik ez isilduko.

Ni inoiz ez banintz hilko, inoiz ez desagertuko…

Lurrean ez betirako, hemen aldi baterako.)

BI IZAR

Bi izar dira sortuak zeru ertzean

bi lagun musikari zendu ondoren,

haien argia margula bada ere

dir-dir egiten dute gure bihotzetan.

Kantina mexikarrak maite zituen batak,

neoizko argilunak besteak.

Biek musika zainetan zeramaten

baita bizi grina ere hiltzeraino.

Ahots gozorik ez zuen Marco Antoniok

baina sena eta hizjarioa mundialak;

nahiz eta inglesezko hitzak ezin ulertu,

goi tentsioa bazuten Josetxoren kantek.

Ez dakit biak noizbait elkartu ziren,

orain mito xumeen zeruan daude.

Bi izar dira sortuak zeru ertzean,

dir-dir egiten dute gure bihotzetan.

Ez dakit biak noizbait elkartu ziren,

orain mito xumeen zeruan daude.

Bi izar dira sortuak zeru ertzean,

dir-dir egiten dute gure bihotzetan.

GU ETA NI (Pello Lizarralde)

Gaztetatik gaude elkarrekin,

eskola, peña eta San Fermin.

Neguan ongi, udan berdin,

zer bururatu hura egin.

Guk ez dugu gauza handirik behar:

afariak, Sadar eta abar;

haiek hamaika eta gu hamar,

denok batera nahikoa indar.

Biba ni eta biba zu! oihukatu duzu.

OK, lagun, baina esadazu,

eta besteez zer diozu? (bis)

Ez gara zahar, ez gara gazte.

Joan dira ez dakit zenbat urte.

Pixka bat iraungo dugu, nik uste,

jainkoek bedeinkatzen bagaituzte.

Jada ez nago lehen bezain ziur.

Sortuak zaizkit hainbat beldur,

irentsi ditut milaka gezur,

geroak uzten nau harri eta zur.

Biba ni eta biba zu! oihukatu duzu.

OK, lagun, baina esadazu,

eta besteez zer diozu? (bis)

eta besteez zer diozu?

ITSASALDEAN

Itsasaldean egon nahi nuke, kresalak inguratuta,

bihotzeko taupaden segida olatuen erritmoan.

Orduak pasa nahiko nituzke itsas-lautada aurrean,

gogoa eta grina galduta urruneko zerumugan.

Marea gora denean labar gainean eseri,

marea bera denean hondartzan zehar ibili.

Itsasaldean nahi nuke bizi, bertan etxea eraiki,

uhinak gertutik ikusi eta entzun ahal diren lekuan.

Ekinozio egunetan blai-blai eginda ibili

eta udako solstizioan izarren pean lo egin.

Itsaladean egon nahi nuke, bikinien erresuman,

Uskis-en kantak MP3an, mojitoa esku artean.

Lur-barrukoa izan arren belauntziak ditut amets;

nabigatzen jakin gabe itsasoratu nahi nuke.

HUTS EGIN DUT

Estualdian zaudela eta

zure aldeko zeozer egin nahi izan dut.

Zertan lagundu jakin gaberik

asmo on horiek laster ditut ahaztu.

Huts, huts egin dut.

Kinka larrian dagoenari

hurbiltasuna azaldu behar zaio.

Zugandik urrun ibili naiz eta

nire ardurak ezertako ez dizu balio.

Huts, huts egin dut.

Kale gorrian depresioak jota

amaitzen baduzu ez da nire errua izango.

Orduan, agian, nire eskuan

aurkituko duzu sostengua, baina bitartean

Huts, huts egin dut.

GAU HONETAN

Gau honetan ez dakit zer dudan nire baitan

soinean, gogoan… ez dakit zer dudan!

Argia itzali izan balitz bezala

gau ilunean galdu naiz, noiz arte?

Noiz arte galdu naiz gau ilunean?

Lasaitu nahian atseden hartu dut,

bost minutu pasa eta berriz larritu naiz.

Ondoen nengoen unean abailduta,

moldatuko ote naiz aurrerantzean?

Aurrerantzean moldatuko ote naiz?

Ahotsa galduta, giharrak indarge,

falta zait arnasa, bihotza apalduta…

kantatu nahi nuke baina ezin!

Gau hontan ez dakit zer egin behar dudan,

lagunen laguntza bilatzen ez badut.

Zuen ahotsekin nirea bat eginik

elkarren ondoan kantatuko dugu.

Kantatuko dugu elkarren ondoan.

Xa-la-la-la-la-la… xa-la-la-la-la-la…

AMAITZEAR DA DANTZA GARAIA

Arin-arin, manbo edo twist

ez nituelako ikasi

dantzalekutik ihesi

nenbilen gazte nintzelarik.

Herriko jaietan bederen

apur bat saiatzen nintzen

konpasa gaizki jarraitzen,

basoa ongi eusten nuen.

Amaitzear da dantza garaia.

Rockanrola, baltsa edo ska

errazagoak zirela eta

dantzantzen nituen noizbehinka

baldar eta estropozoka.

Orain piztu zait gogoa:

klaseak hartzera noa.

Gerria, hankak sasoian,

baina lotsa dut betikoa.

Amaitzear da dantza garaia.

ELURRETAN

Elurretan,

denboraren joana moteltzen denean

eta oinatzak

berdin aurrera edo atzera doazenean.

Haize boladak, txistu joka,

malutak airean, noraezean.

Elurpean

gauza guztiak izkutuan daudenean

eta ametsak

maindire zurian lokartzen direnean.

Haize bortitza, oker-okerra,

malutak airean, noraezean.

Elurtean

izotzak mundua hormatzen duenean

eta adarretan

txori mutuak pausatzen direnean.

Haize hotzean, ixiltasuna,

malutak airean, noraezean.

FAN FAN OSO FAN (Pello Lizarralde)

Adiskide bat dugu, fan fanatikoa;

taldea non, hura beti han.

Hari esker dakigu zein onak garen

eta munduak gu gabe zenbat galtzen duen.

Beti aldean dugu fan fanatikoa.

Ez dugu ezeren beharrik,

ez manager, ez disko, ez sarerik ere.

Hura da gure ahotsa, lagun eta bidaide.

Fan, fan, fan, fan fanatikoa.

Bakarra dugu baina guretzat nahikoa.

Itzaliko gara gu, ez fan fanatikoa.

Hatsa duen bitartean

ez du sekula etsiko, eta hilobitik ere

Balerdiko lagunak famatuko ditu.

Fan, fan, fan, fan fanatikoa.

Bakarra dugu baina guretzat nahikoa.

Fan, fan, fan, fan fanatikoa.

Bakarra dugu baina guretzat nahikoa.

Nahikoa…, nahikoa…