Category Archives: Berri Preskuak

GALTZEN IKASTEKO METODOA

Galtzen Azala I

DISKOA SALGAI!! Dendetan eta gure emanaldietan. Baita GOR diskaetxeko web orrian ere.

14 kantuk osatzen dute GALTZEN IKASTEKO METODOA gure bilduma berriak.

Orain, zuzenean aurkezteko garaia heldu zaigu. Ikus ZUZENEAN posta kontzertuen datekin.

HIRU ANAIAK eta ELURRETAN  kantak BADOK atarian dituzue entzungai.

Gozatu!

ZUZENEAN!

DATOZENAK:

2017/7/15 AÑORGA. Festak. Frontoian. 24:00

2017/9/8 ATARRABIA. KARRIKALUZE Elkarteak antolatutako Euskararen astearen barruan. Plazan. 20:00

Laster: Lekunberri, Ataun…

IMGP7675b

Zuenera jotzera joan gaitezen nahi baduzu, jarri harremanetan gurekin.

Harremana/Contacto/Contact:  balerdibalerdi@gmail.com (+34) 609612140

Sarrera honen informazioa xehetasunak jakin ahala eguneratzen dugu! Ea elkar ikusten dugun!

(Argazkia Txari Eleta)

Galtzen ikasteko metodoari buruz …

Honatx diskoari buruz izan ditugun hainbat aipamen, elkarrizketa, kritika ta bestelako:

BADOK (Elkarrizketa)

Euskalerria Irratia

Badok (Diskoaren fitxa)

Berria 

Berria (Andoni Tolosa Morau – Kritika)

Mondo Sonoro (Kritika)

Graffiti/Radio Euskadi

Ttanttakun Irratia/Eguerdiko ahotsa magazina

Kulturklik

Bizkaia Irratia

Piperpolis/Bilbo Hiria Irratia

Noticias de Gipuzkoa

Diario Vasco

Bizkaie

Xorroxin Irratia

Bosgarrena

Martxoaren 2an, ostegunarekin, trasteak muntatu, tresnak afinatu, piztu, itzali, berriz ere piztu, eta dena prest utzi genuen biharamunean, ostiralean, grabazioari ekiteko. Erronkariko gazta eta kriantza ardoa ere, badaezpada teila-azpiko kakotik zintzilik, Hanka eta Loirentzat tentazioa soberaxkoa gerta zitekeelakoan…

Laurok batera jo genituen kanta guztiak. Bertatik probetxurako gelditu ez zena, errepikatu behar. Oinarriak igande eguerdirako prest zeuden. Haiei bestelako gitarrak, ahotsak, perkusioak eta gainerako sakramentu batzuk gehituz joan gara egunotan.

Lehen aldikoz Balerdi Balerditar “nobatoak” taldearen disko batean hartzen dute parte: Anxelek eta Pettik halako eskarmentua dute Toño eta Zarari zer egin eta zer ez esaten aritu behar izaten direla etengabe! Giro ederrean ari gara Berako Atala estudioan Iñigoren agindupean. Eta baita lana erruz egiten ere! 14/15 kanta bilduko ditu disko berriak.

Grabazioa akituko denean, asmoa dugu etentxo bat egiteko, nahasketekin sartu aurretik, batetik estudioko lan egutegiak behartuta, baina baita abestiak ontzen utzi eta berriz burua fresko eta belarriak tente izanen ditugunean ordu mordoa pasatzeko soinu mahaiaren aurrean.

Diskoaren azala eta diseinu kontuak Joseba Beramendi “Exprai” adiskideak eginen dizkigu honako honetan ere. Jende finarekin lan egitearen plazerra aspaldi ezagutu genuen gu!

Eta halako batean kanta berriak argia ikusiko dute. Noiz ordea, zaila esatea. Udaberrirako, seguru!

ANXEL. BALERDI BALERDIko baxujole berria

Aldaketa izan dugu taldean. Karlosek bestelako bideari ekin dio (eta gure aldetik, berriro ere, zorterik onena opa diogu. Besarkada erraldoia!), eta bere hutsunea ANXEL Beratarrak beteko du hemendik aitzinera. Petti aitapontekoren eskutik Balerdiratu zaigu Anxel. Aldez aurretik badu eskarmenturik: Noise Hole, Why not, Dharma, eta egun La Bona Dea talde Irundarrean ere ari zaigu. 

Aurreko egunean, Beran bazkaria eta entsaio-gisako bat egin eta gero, argi geratu zen elkar ulertzea badela, eta beraz, hitzartuta ditugun boloak konfirmatuta daude, eta besteren bat etorriko balitz, ongietorria (Anxeli errepertorioa ikasteko astia eman diezaiogun, dena dela…).

Beraz, krisia gainditua, berriro ere martxan eta datorkigunari ilusioz ekiteko asmoz!

Petti ta Toño armonia ederrean!

Petti ta Toño armonia ederrean!

POWER-TRIO vs. LAUKOTE-GITARRERO

Gustura gabiltza hirukote gisa, R&Rean formato zuzen eta interesgarri den horretan; batzuetan, ordea, hainbat kantuk oihuka eskatzen ziguten gitarren soinu-harresia potolotzea, raka-raka pixka bat, alegia.

Duela bizpairu hilabete sagardotegian egin genuen hitzordua Morau nekaezinarekin eta Beñardo Goietxerekin, Berako musikari-urretxindorrarekin. Sagardoaren epelean Beñardori proposamena bota genion, ea ez ote zuen nahi Balerdin bere gitarraren ekarria eta koro batzuk egin nahi. Beñardo zaila da ordea, eta ezetz, baina…

Nunbait, ajea pasata, bere herriko adiskide bati errebotatu zion enbidoa: nori eta PETTI handiari (zentzu guztietan), eta honek, BAIETZ, egin nahi zuela “castinga”.

Horrela, Berara joan ginen pasa denean, trago batzuk hartu, bazkaldu, eta entsegu gogoangarria egin genuen laurok, Beñardo adi-adi genuelarik, bolumena erotzeraino! Eta orain istorioaren bukaera zorionekora iristea besterik ez zaigu falta… zuzenean aritzera, alajaina! Une magikoa iritsiko denerako, abisatuta izanen zarete. Baina hasieran behinik behin konplikatu xamarra dirudi dataren bat aurreratzea, Pettik bere kasa bai baitu bolo mordoa, gureekin ezin kointziditu, eta uda parteari begira atsedenalditxoa hartzeko asmoa usnatzen da airean.

Iritsiko da aukera, halere. Akaso inork espero baino lehenago…

Ongi pasa!Irudia

Balerdi Balerdiren fitxaje berria!

Euskalerria irratiaren 25. urtemugako gala: “Entxuferik Gabe”

Egin klik estekan eta gala osoa entzun ahal izanen duzu (audioa besterik ez):  Entxuferik gabe, EH irratiak 25 urte!

Diskoa martxan

IrudiaFabrikaren kontuak bukatuta, diskoa gutun azaletan sartu eta postaz bidaltzea egokitu zaigu egunotan, promozio lana alegia, komunikabide batzuetako langile grisak apalategi xixtrin batean utz dezaten atzenduta, eta beste batzuk, zorionez, baloratu dezaten. Diskoa eskuartean izatearena sentsazioa berezia baita, nahiz laugarren erreferentzia izan 23 urteko ibilbidean… eta une horretaraino iristerako zenbat lan dagoen jakitea ez da erraza, ez eta zenbat jenderen auzolana eta gogo biziak parte hartu duen imajinatzea ere.

Baina bai, adiskide, diskoak kalerako bidea hartu du, eta hemendik aurrera taldekideok hamar kantu horiek zuzenean defendatzeko ardura izanen dugu, zerbait esateagatik, gure gozamena horixe izaten baita! Zuzeneko emanaldien sarrera etengabean berritzen ari gara, eta ematen duenez lan eskerga dugu aurretik, zaletu askotxok interesa erakutsi baituzue kontzertuak antolatzerako orduan. Biba zuek!

Ea diskoa eskuratzea inori lan handirik ez zaion kostatzen. Salneurria ere komunista xamar jarri dugu, eta batez ere zuzenekoetan jarri nahi dugu salgai, nahiz ohiko dendetan eta, nola ez, Durangoko Azokan ere eskura izanen duzuen.

Berri preskuagoak izanen ditugunean, eta aurkezpen kontzertuaren ajea gaindituko badugu inoiz, helaraziko dizkizuegu azken nobedadeak. Segi bizkor!

AZALA

Alea jacta est! Dagoeneko egin beharrekoak eginak daude. Estudioko lanak akituta, orain azalak ere inprimategiaren bidea hartu du, eta baita diskoarekin doazen irudi-hitz eta bestelako guztiak. Ezin eutsiz gaude: honatx!!!

Diskoaren aurkezpena urriaren 26rako nahiko genuke egin, eta ongibidean goizeko prentsaurrekoaz gain, Iruñeko Errotxapea auzoan dagoen Zokoa tabernan kontzertua emanen dugu, eta hantxe izanen da diskoa salgai lehen aldikoz. Orain ale mordotxoa saltzea besterik ez zaigu falta, ea aurreratuko dirua berreskuratu eta Asian zehar bira bat egiteko adina sosa ateratzen dugun, adibidez. Laster arte!