Biografia (www.badok.info-tik)

      BALERDI BALERDI

Iruñeko power-pop taldea. Taldekideen artean 70eko hamarkadan Iruñeko rock mundua suspertu zuten musikarietako batzuk zeuden; Toño Muro eta Marino Goñi, esaterako. 70eko eta 80ko hamarkadetako rock&roll eta folk talde eta bakarlarien eraginak barneratu zituen kantu fresko eta gozagarrietan.

Iruñeko zenbait taldetan ibilitako musikariek sortu zuten Balerdi Balerdi, 1990ean. Hain zuzen, Toño Murok (ahotsa eta gitarra) Tocamás folk-rock bikotea osatu zuen Patxi Osinagarekin 1977an, eta gero Fuletamol (1979-80), Motos (1981-84) eta Fiebre (1985-87) taldeetan aritu zen. Azken hiru horietan Marino Goñi (baxua) izan zuen taldekide. Fiebreren kontzertuetan Sergio Ibarrola Zara (bateria) eta Blanka Izkue (teklatuak) ezagutu zituzten, eta laurok osatu zuten hasierako Balerdi Balerdi “ofiziala”. Geroago Patxi Goñi (gitarra), Marinoren anaia, batu zitzaien. Hala ere, lehen kontzertuak Toñok, Marinok eta Zarak eman zituzten, Iruñeko eta inguruko herrietako taberna eta gaztetxeetan, eta hirurek grabatu zuten lehen maketa.

Toño Muro zen taldeko konpositorea, musikarena zein hitz gehienena. Erresuma Batutik iritsitako new wave eta mod doinuen eraginak (The Jam, The Kinks, Elvis Costello…) zein AEBetako folk eta rock talde eta kantarienak (Neil Young, REM, Graham Parker, The Smithereens…) uztartu zituen hitz ironiko eta landuz jantzitako kantu biribil, gitarrero eta itsaskorretan. Goñi anaiek sortu berria zuten Gor disketxean plazaratu zuen lehen lana, Balerdi Balerdi (1991), baita hurrengoak ere. Mauro Entrialgo marrazkilari gasteiztarrak diseinaturiko hamar hazbeteko biniloa zen eta zortzi kantuetatik bi, “Hautsaren dantza” eta “Badago”, maketan agertu ziren, baina guztietatik nabarmendu zena Iruñeko gaztetxearen alde egindako “Lore etxean” izan zen.

Pottoka abeslariari La revoluzione de la tradizione diskoa (Gor, 1993) grabatzen lagundu ondoren, bigarren diskoa argitaratu zuen, Ez gara galdu (Gor, 1994) izenburu esanguratsukoa. Lan horrek Balerdi Balerdiren ibilbidea laburbiltzen zuen, taldearen hastapenetan ondutako kantuak eta azkenaldian sortutakoak biltzen baitzituen, The Smithereens taldearen “Time and time again” kantuaren bertsioaz gain (“Behin eta berriz”). Balerditarren iritziz “Euskal Herriko rock talderik onena” izan den Jotakie taldeko Elortxa abeslariak kolaboratu zuen “Arima sobera” kantuan. Aurreko diskoak bezala, Ez gara galdu-k kritika onak jaso zituen, eta emanaldi ugari ekarri zizkion taldeari. Beharbada, haren lanik osoena da. Hala ere, ez da sekula salmenta handiko taldea izan, ezta jendetzak erakartzekoa ere, baina oroitzapen ederra utzi zuen zaleen artean.

Hobe behin gorri ezen ez beti hori hirugarren diskoan (Gor, 1997), Patxi Goñi gitarrista berriaren eraginez soinua gogortu egin zuen taldeak, eta Pello Lizarralde idazleak pisu handiagoa izan zuen hitzetan. Diskoaren izenburua Mariano Izeta idazlearen atsotitzen liburutik hartu zuten, eta kantuen artean, “Amodioari buruz” eta “Iraila” ale ederren ondoan, Morau kantariaren “Nork daki” ezagunaren moldaketa dago.

Balerdi Balerdin aurreko beste edozein taldetan baino gehiago disfrutatzen ari zirela nabarmentzen zuten Toño Murok eta Marino Goñik elkarrizketetetan. Zuzenean alaitasuna eta ondo pasatzeko gogoa transmititzen zuen boskoteak. 2000. urtean, “Bapatean” kantua grabatu zuten IKA euskaltegiaren ekimenez kaleratutako IKAratu beldurrik gabe askoren arteko diskorako (Gor). Balerdi Balerdiren azken grabazioa izan zen. Taldea inoiz desegin ez bada ere, aspaldi utzi zion kantuak grabatzeari eta zuzenean jotzeari. Hala ere, 2009ko urtarrilean agertokietara itzuli zen Balerdi Erdi izenarekin, izan ere, jatorrizko hiru taldeak (Muro, Goñi eta Zara) elkartu baitziren kontzertu batzuk emateko.

Balerdi Erdik Toñok parte hartu izandako taldeen kantak zuzenean ematen zituen, eta taldearen baitan aldaketak izan ziren laster. Marinok taldea utzi eta Kontuz Hi! Taldean aritutako Felix baxujoleak hartu zuen haren lekua. Urte eta erdi edo eman zuen taldean Felixek Balerdi Erdi utzi baino lehen, eta haren tokia talde ezberdinetan aritutako Carlos Ortizek hartu zuen, taldeak Balerdi Balerdi izena berreskuratzeko erabakitzearekin bat.

IMGP7718
2013ko hasieran beste gitar-jole bat komenigarri jo, eta Berako Beñardo Goietxeri egiten diote proposamena. Honek, ezin duelakoan, beste Beratar bati errebotatzen dio gonbitea; nori eta Pettiri. Haren rock-blues ukituak eta ahotsaren indarrak sekulako kolorea ematen dio berriz ere laukote bilakatu den Balerdiri.
2014ko udaberrian Carlos Ortizek taldea utzi eta haren lekua Anxel Iraola baxujole eskarmentatuak hartu zuen, hau ere nongoa eta Berakoa!

Gaur egun Toñok, Zarak, Anxelek eta Pettik osatzen dute Balerdi Balerdi, beteranoak izanik ere, hasiberriek erakusten duten ilusio berberarekin.

Advertisements

One response

  1. […] informazioa balerdibalerditaldea.wordpress.com blogatik hartuta […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: