Monthly Archives: 2013(e)ko apirila

Petti ta Toño armonia ederrean!

Petti ta Toño armonia ederrean!

POWER-TRIO vs. LAUKOTE-GITARRERO

Gustura gabiltza hirukote gisa, R&Rean formato zuzen eta interesgarri den horretan; batzuetan, ordea, hainbat kantuk oihuka eskatzen ziguten gitarren soinu-harresia potolotzea, raka-raka pixka bat, alegia.

Duela bizpairu hilabete sagardotegian egin genuen hitzordua Morau nekaezinarekin eta Beñardo Goietxerekin, Berako musikari-urretxindorrarekin. Sagardoaren epelean Beñardori proposamena bota genion, ea ez ote zuen nahi Balerdin bere gitarraren ekarria eta koro batzuk egin nahi. Beñardo zaila da ordea, eta ezetz, baina…

Nunbait, ajea pasata, bere herriko adiskide bati errebotatu zion enbidoa: nori eta PETTI handiari (zentzu guztietan), eta honek, BAIETZ, egin nahi zuela “castinga”.

Horrela, Berara joan ginen pasa denean, trago batzuk hartu, bazkaldu, eta entsegu gogoangarria egin genuen laurok, Beñardo adi-adi genuelarik, bolumena erotzeraino! Eta orain istorioaren bukaera zorionekora iristea besterik ez zaigu falta… zuzenean aritzera, alajaina! Une magikoa iritsiko denerako, abisatuta izanen zarete. Baina hasieran behinik behin konplikatu xamarra dirudi dataren bat aurreratzea, Pettik bere kasa bai baitu bolo mordoa, gureekin ezin kointziditu, eta uda parteari begira atsedenalditxoa hartzeko asmoa usnatzen da airean.

Iritsiko da aukera, halere. Akaso inork espero baino lehenago…

Ongi pasa!Irudia

Balerdi Balerdiren fitxaje berria!